Ekintzak

ez baikara geldi egotekoak

Haur Filosofia Tailerrak

Gure nortasunaren ikur nagusia. Nola hobeto hedatu Haur Filosofia zuzenean haurrekin filosofatuz baino?

Helduentzako Formakuntzak

Haur Filosofiak trebatutako helduak behar ditu aurrera egiteko.

Haur Filosofia jaialdia

Urtean behin antolatzen da, Haur Filosofiaren mugimendua ezagutarazteko.

Elkarrizketa filosofikoak

Elkarrizketa filosofikoa gai baten inguruko hausnarketa kooperatiboa da, pertsona ororentzako jarduera.

Materialen ekoizpena

Beste hizkuntzetan dagoena euskaratu, eta euskaraz material berria sortu.

Filosofia oinarri eta jomuga

Aurretik ere aipatu ditugu Jakinmin Elkartearen lau helburu nagusiak:

01
Euskal Herri mailan Haur Filosofiaren hedapena sustatuz bertako erreferente bihurtzea.

02
Haur Filosofia tailerrak antolatzea herriz herri.

03
Haur Filosofia formakuntzak antolatzea Haur Filosofiaren ezagutza zabalduz.

04
Haur Filosofia euskarazko materiala lortzea: sortu zein beste hizkuntzetatik itzuli.

Haur Filosofia tailerrak

 

Haur Filosofia tailerrak dira gure nortasunaren ikur nagusi. Izan ere, Haur Filosofia hedatzeko eta indartzeko zer izan daiteke haurrekin filosofia egitea baino hobea?

Euskal Herriko hainbat herritan aritzen gara, adin ezberdinetako haurrekin. Ellkartzen gara liburutegietan, udaletxetan zein kulturetxetan. Antolatzen ditugu ikasturte osoko jardunaldiak, hiruhilabetekoak zein hilabetekoak.

Saio horiek guztiek berretsi egin dute gure hasierako hipotesia: ez dago gai filosofikoei buruz hausnartzeko adinik. Ez da gure ustea bakarrik; gurekin ibiltzen diren haurrak ere pozik eta gogotsu hartzen baitute parte. Beraz, argi dugu: hau da bidea eta bide horretan pausuak emateko prest gaude!

Haur Filosofia helduentzako formakuntzak

 

Haur Filosofiak helduak behar ditu aurrera eramateko. Eta horretarako ezinbestekoa da helduak Haur Filosofian formatzea. Erronka honetan Jakinminek bere hondar alea jarri nahi du. Hori dela eta, azken urteetan hainbat formakuntza antolatu ditu. Formakuntza hauek helburu bikoitza izan ohi dute.

Alde batetik, Jakinmin Elkarteko kideek oinarrizko formakuntzak eskaintzea, jendeak Haur Filosofia ezagut dezan eta bertan printzipioak martxan jartzera anima dadin. Formakuntza hauek ez dira publiko jakin bati bideratuta antolatzen, pentsatzen baita interesa duen edonorentzat lagungarri direla. Orain arte antolatu ditugunetara profil ezberdinetako pertsonak hurbildu dira: irakasleak, gurasoak, idazleak, haurrekin lan egiten dutenak…

Bestalde, formakuntza hauetan jendearen baitan Haur Filosofiaren harra mugitzea bilatzen da. Eta horri esker, jendea formakuntza sakonagoak jasotzera animatzea, besteak beste: udaro Madrilen UNAMek eskaintzen duena.

Zenbat eta gehiago izan Haur Filosofian formatuak, orduan eta hedakuntza handiagoa lortuko dugu!

Haur Filosofia jaialdia

 

Urtean behin antolatzen da Haur Filosofia Jaialdia. Jaialdiaren helburua Haur Filosofiaren mugimendua ezagutaraztera izaten da. Bertako eskaintza anitzari esker publiko zabalari zuzenduta antolatu ohi da. Haurrentzako zein helduentzako tailerrak, adituen eskutik informazio hitzaldiak, emanaldi kulturalak zein Haur Filosofiari buruzko azken berrien azalpenak.

Urtez urte eskaintza aldatzen bada ere, honakoak dira orain arteko jaialdietan izan diren ekintzetako batzuk:

  • Haurrekin paseo peripatetikoak.
  • Haurrentzako yoga.
  • Haurrentzako eta familientzako Haur Filosofia tailerrak.
  • Jorge Sánchez-Manjavacas eta Félix Garcia Moriyón adituen hitzaldiak eta mahai inguruak.
  • Bertso saio filosofikoak.

Helduentzako elkarrizketa filosofiko saioak

 

Haur filosofia deitzen dugun hau ez da haurrentzako soilik, elkarrizketa filosofikoaren bidez gai baten inguruko hausnarketa kooperatibo bat den heinean adin eta pertsona ororentzako jarduera bat da. Hau honela, 2021ean helduentzako tailerrei ekin genien Tabakaleran. Lehen urte horretan zine-forum filosofiko bat bezala jaio zen ekimena, sei saiotan bizitzako gai handiak jorratzen zituzten sei pelikula erabili genituelarik elkarrizketarako abiapuntu moduan. Aukeratutako filmeetatik beraz, problematikoak diren gai batzuei buruzko galdera filosofikoak planteatzen zituzten partehartzaileek eta ordu bete-ordu terdiko elkarrizketa bat egiten genuen. Oso arrakastatsua izan zen hasieratik eta aurten, filosofia hitzak sortu dezakeen beldurrak gaindituta, jarraipena eman nahi izan diogu baina guk normalean egiten ditugun saioen formarekin.

Dena den, gai filosofikoetatik hurbilago egon ohi diren haurren dinamikak eta bizitzako gai handiak uztartzea erabaki dugu helduekin elkarrizketaren pizgarri moduan eramaten ditugun materialetan. Batetik zein bestetik, konbentzituta gaude filosofia egiteak gaiak jorratzeko moduarekin duela lotura eta ez gai jakin batzuk lantzearekin.

Haur Filosofia materialen ekoizpena

 

Haur Filosofia Euskal Herrian heda dadin ezinbestekoa da materiala euskaraz izatea. Hori dela eta, azken urteetan bi jomuga izan ditugu. Lehena, beste hizkuntzetan sortutako materiala euskaratzea izan da. Aurrerapauso txikiak eman dira alor honetan; oraingoz material bakarra lortu dute euskaratzea: Wonder Ponder.

Bigarrena, euskaraz material berria sortzea izan da. Ez da nolanahiko erronka hau, baina poliki-poliki ari gara. 2021an Hamaika Kutixi Filosofiko materiala sortu dugu Oi(h)artzun Filosofikoa taldeko kideei esker. Ea etorkizunean zer lortzen dugun!

Material hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero: joan Materialak atalera.

gutaz

Euskal Herri mailan Haur Filosofiaren hedapena sustatu nahi dugu, eta bertako erreferente bihurtu.