burua beteta, eskuak ere bai!

Materialak

Gure saioetarako tresnak

Hainbat erabiltzen ditugu. Hona horietako batzuk.

Hamaika Kutixi Filosofiko

Haur Filosofia oinarri izanik, material aitzindari bat sortu da; pentsamendu kritikorako euskarazko pizgarriak eskaintzea xede duen kutixia. Esan beharrik ez dago hamaika direla filosofiak dituen adarrak. Hala, 11 dira bilduma honetarako hautatu diren gaiak. Gai horiek lantzeko elkarrekin lotura zuzenik ez duten kontakizun eta ilustrazio sorta bat osatu da. Material honek adin guztietarako balio du eta hartzailea izango da nahi besteko sakontasun maila emango diona.

Ez da ohiko kontakizun-ilustratu sorta: pentsamendu kritikoa sustatzeko pizgarriak dira, hausnarketari ateak irekitzeko giltzak.  Horregatik, kontakizunekin eta ilustrazioekin batera, galdera txartelak aurkezten dira, baita horien erabilerarako gidaritza estrategiak ere: galdera horiek lagungarri izango dira gaiaren inguruko hausnarketa bideratzeko eta taldean elkarrizketa filosofikoa ahalbidetzeko. Txartel horietako galderak orientagarriak dira, ez ezinbestekoak; norberaren esku geldituko da horien aukeraketa eta lanketa. 

Wonder Ponder

Wonder Ponder, Ikus-filosofia haurrentzat diziplinarteko proiektu berritzailea da. Material artistiko pizgarri baten bitartez, adin guztietako haurrak akuilatzen ditu beren mapa filosofiko propioak gara ditzaten filosofiaren gune tematiko handienetako batzuei buruz. Aldi berean, pentsamendu kritiko eta independentea sustatzen du modu jostagarri eta erakargarrian. Txarteletan filosofikoki iradokitzaileak diren eszenak daude marraztuak, eta txartelen atzekaldean eszenari eta eszenako gaiei buruzko galdera filosofikoak hausnarketari ekiteko.

Wonder Ponder kaxetan liburu-jokoak eskaintzen dira, gai filosofikoen gainean pentsatu eta hitz egiteko. Zenbait irudi-egoera bitxik eta jakin-nahia eragiten duten hainbat galderak osaturiko ikus-mapetatik abiatuta, erabiltzaileen pentsamena kinatzea dute helburu. Bakarka nahiz taldean erabiltzeko, etxean nahiz hezkuntza-esparru formal eta ez formaletan. Adinari dagokionez, adin guztietarako da gomendagarria, hartzailea izango baita nahi besteko sakontasuna emango diona.

Momentu honetara arte bi dira euskaraz argitaratutako kaxak:

  • Mundu krudela: krudelkeriari buruz.
  • Ni, pertsona: nortasunari eta pertsonen eta roboten arteko desberdintasunei buruz.

The if machine

Filosofia gidaturako baliabide aberatsa da, eta istorio asko ditu; jatorrizkoak zein klasikoak. Filosofiaren jardueraren bidez goi mailako pentsamendua garatzea du helburu.

Istorio hauetako batzuk pentsaera filosofiko klasikoko esperimentuetan oinarritzen dira, baina kontu handiz moldatuta daude Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haurrentzat eskuragarri izan daitezen. Ipuinez gain galdera lagungarriak ere aurkezten dira, ikasgelako elkarrizketa filosofikoa bideratzeko pentsatuak. Horiekin batera, urteetan filosofia saioak ematearekin eta asmatzearekin lortutako esperientziari esker bildutako filosofia egiteko moduari buruzko irakaspen eta gidaritza gomendioak ere badira.

Liburuaren helburu nagusia bitan bana daiteke. Alde batetik, irakasleei edozein hezkuntza-zentrotan erabil daitezkeen goi mailako pentsamendua bultzatzeko estrategia-zerrenda bat ematea da. Eta bestetik, eskola-adineko haurren potentzial filosofikoa agerian uztea.

Lipmanen eleberriak

Matthew Lipmanek Haur Filosofiari egindako ekarpenak asko eta anitzak dira, besteak beste, Haur Filosofiaren Kurrikulum oso bat garatu zuen. Kurrikulum hori 7 eleberritan oinarritzen da. Eleberri bakoitza adin konkretu bati zuzenduta dago eta aldi berean, gai batean zentratzen da. Eleberri guztiek,ordea, helburu nagusia partekatzen dute: haurrei ikerketarako instrumentuak eskaintzea. Beren kabuz pertsona arrazional, erreflexibo eta kontsideratu izatera irits daitezen.

Eleberriez gain, irakasleentzako gidak ere badaude, non jardunbide egokiak eta gomendioak azaltzen diren.

Noria proiektuko materialak

Hiru multzotan bana daitezke:

  • Pentsatzeko ipuinak (3 eta 6 urteko haurretara bideratuak). Hiru serie osatu dituzte: Juanita y sus amigos, Sin nombre eta Hilomundos. Ipuin horietan guztietan pertsonaiek mundua eta beren burua deskubritzen dute. Deskubritze horretan gai existentzial eta filosofiko anitzak planteatzen dituzte. Ipuin bakoitzaren amaieran, irakurketarekin batera, haurrekin hausnartzeko eta hitz egiteko jarduera-proposamenez osatutako helduentzako atal bat dago. Ipuinak gaztelaniaz eta katalanez daude.
  • Pentsatzeko ipuinak. Bilduma honek irakasleen prestakuntzarako zein garapen pertsonalerako balio duten liburuak proposatzen ditu. Noria proiektuaren helburu orokorrari lotutako gaiak jorratzen ditu: pentsamendu sortzailea eta ekintza etikoa garatzea.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzarako kurrikuluma. Hezkuntza-programak liburu-bikotez antolatuta daude. Haurrei eskainitako liburuek ipuin txikiak, ipuin tradizionalak, kondairak eta mitoak eskaintzen dituzte. Irakasleen eskuliburuetan 500 jarduera baino gehiago aurki daitezke, haurren liburuetatik abiatuta pentsamenduaren, sentimenduaren eta elkarrizketaren garapena sustatzeko. Jarduera horietan pentsamendu trebetasunak nahiz balio eta jarrera etikoak garatzeko artea eta jolasak proposatzen dira.

Oscar Brenifierren Praktika Filosofikoen Institutuaren materialak

Material horietako asko doan deskarga daitezke webgune honetatik: www.pratiques-philosophiques.com.

Oscar Brenifierrek bere metodo propioa garatu du, maieutika sokratikoan eta barne-kritikaren eta kanpo-kritikaren printzipio hegelianoan oinarrituta. Printzipio hori urteetan garatu da Praktika Filosofikoen Institutuaren barruan, eta haurrekin eta helduekin aplikatzen du.

Dialogue Works haurrekin ikerketa filosofikoko elkarte britainiarretako bat da. Thinking Moves pentsamendu-trebetasunak lantzeko tresna eta etxean elkarrizketa filosofikoak sustatzeko Hometalks izeneko materialak sortu dituzte. Biak oso interesgarriak. dialogueworks.co.uk

gutaz

Euskal Herri mailan Haur Filosofiaren hedapena sustatu nahi dugu, eta bertako erreferente bihurtu.