berezko jakin-nahia itzali ez dadin

Metodologia

Praktika filosofikoak

Praktika Filosofikoak filosofia ingurune akademikotik atera eta kalera hurbildu nahi duen mugimendua da. Zergatik? Gizaki guztiok filosofatzeko gaitasuna eta joera dugulako eta bizitza indibidual eta sozialerako onuragarria delako, filosofiak duen potentziala ikaragarria delako.

Korronte honek hainbat proposamen biltzen ditu, hala nola Aholkularitza Filosofikoa, Elkarrizketa Sokratikoak, Filosofia Aplikatu Esperientziala, Kafe Filosofikoak eta Haur Filosofia, besteak beste. Azken hau landu dugu soilik Jakinminen momentuz. Hala ere, ikasteko eta hazteko gogo handia dugunez, eta etengabe ari garenez formakuntzak jasotzen eta pentsamendu eta lan ildo berriak esploratzen, erronka berrietan murgiltzeko irrikitan gaude.

Haur filosofia

— Sarrera

Haurrek, txiki-txikitatik, hainbat gai liluragarriren inguruko galdera zailak egiten dizkiote euren buruari eta egiten dizkigute helduoi. Jasotako lehen erantzunek ez dute bidea amaitutzat ematen. Denbora luzez ibili ohi dituzte galdera horiek bueltaka. Jaiotzez dira filosofoak.

Nerabezaroa dator gero. Eta gaztaroa. Heldutasuna… Eta asko dira gai horiek pentsamendutik baztertzen dituztenak. Horretarako denborarik ez daukatelako. Jakin-mina galdu egin delako. Beste gai batzuk jotzen direlako benetan garrantzitsutzat.

Hausnarketa sakonerako espazioak aurkitzea ez da inorentzat erraza gaur egun. Ez dira ohikoak eskolan. Ezta aisialdian ere. Gauza bera lan munduan. Eta etxeetan. Ia ez dago lekurik eta denborarik filosofiarentzat. Baztertu egin ohi dugu gizakiok funtsezkoa dugun ezaugarria.

Hutsuneak sortzen ditu horrek. Norberarenak, zerbait falta dugulako. Nondik gatozen eta nora goazen ez dakigu. Baita gizataldearen hutsuneak ere. Zer gara gizarte bezala? Zer ari gara egiten eta zer egin beharko genuke?

— Sorrera

Haur Filosofia Matthew Lipman eta Ann Sharp filosofo iparramerikarrek sortu zuten 1960ko hamarkadan. Elkarlanean hainbat eleberri idatzi zituzten ikasgeletako haurren jakin-mina pizteko. Maieutikan eta konstruktibismoan oinarrituta, ikasleengan pentsamendu konplexuaren garapena ahalbidetu zezakeen programa bat sortzea zen xede nagusia. Lipman eta Sharp oso arduratuta zeuden Vietnamgo gerrarekin, gailentzen ari zen biolentziarekin eta inperialismoaren hedapenarekin. Zer egin mundua hobetzeko? Bada Lipmani eta Sharpi haurrak, hezkuntza eta filosofia uztartzea otu zitzaien: “Euren kabuz pentsatzen duten pertsona helduak nahi baditugu, euren kabuz pentsatzeko gai diren haurrak hezi behar ditugu”. Hori dela eta daude proposamenaren oinarri metodologikoan elkarbizitza demokratikorako hain beharrezkoak diren balioak. Lipmanen hitzetan, pentsamendu kritiko, sortzaile eta arretatsua sustatu behar dira gizarte demokratikoan.

Funtsean, filosofia ikastearen ordez, filosofatzen ikastea proposatzen duen korronte filosofiko-pedagogikoa da Lipmanek proposatutakoa. Batak ez du bestea kentzen, noski: pentsalari handien ekarpenak gutxietsi gabe, etxeko txikienek ere egin ditzaketen ekarpenak baloratzen ditu haur filosofiak. Akademiatik haratago, lagun-giroan ere filosofa daiteke. Norbere ideietatik hastea proposatzen du haur filosofiak: filosofia eta filosofatzeko gaitasuna gutxien espero den lekuetan ere topa baitaiteke. Filosofiarako gaitasun hori trebatzen dihardu Jakinmin Elkarteak Euskal Herrian.

01

Ikerketa komunitatea

Haur talde bat. Ala heldu talde bat. Borobilean eserita. Orduan aurkezten da pizgarria, abiapuntua izango dena; gure jakin-mina eta filosofatzeko irrika piztuko dituen elementu bat, alegia. Izan daiteke irakurtzeko testu bat. Baita koadro bat ere. Edo film baten eszena bat. Mikroantzerki batek ere balio dezake. Gai filosofiko baten inguruko hausnarketari ateak irekitzen dizkion oro izan daiteke pizgarri.

Pizgarriak irekitako atetik bidea urratzea izaten da hurrengo pausua. Nola? Hitz eginez. Komunitatean. Lan-taldea osatuz. Ez dago besteek baino gehiago dakienik. Edonork egin ditzake ekarpen baliotsuak. Elkarlanean aritzen gara eta errespetuak izan behar du nagusi. Modu horretan, pixkanaka, filosofatzeko giro egokia lortzen da: konfidantza, arreta eta helburu komuna erdiestea nagusi diren giroa.

Horrelaxe sortzen da helburu den ikerketa komunitatea. Ikerketa komunitatean guztion artean eraikitzen da ezagutza. Gure kabuz pentsatzen dugu, baina ez bakarrik. Gure kabuz, baina besteekin lankidetzan: iritziak partekatuz, ondorioak aztertuz, laguntza eskatu eta emanez, argudio onak erabiliz zein usteak azalduz.

Elkarrizketa da Haur Filosofiaren metodologiaren haria. Elkarrizketa alternatiba gisa. Gure gizartean hain hedatuta dagoen liskar, istilu eta norgehiagokaren alternatiba. Gizatasun ariketa, elkarrizketak beharrezko baititu ondokoarekiko enpatia, konplizitatea, elkartzea, lankidetza eta elkartasuna.

Elkarrizketan aritzen gara, beraz; elkarrekin hizketan. Ez da inor konbentzitu edo garaitu beharrik izaten, ez baita aurkaririk izaten. Elkarlana da helburua, elkarlan horrek solaskideak hazten zein gure pentsamenduan sakontzen laguntzen baitigu; eta alderantziz.

Elkarrizketak eta elkarlanak funtziona dezaten, ezinbestekoa da besteek esan behar dutena entzutea. Horregatik eskatzen da arreta adeitsua.

02

Elkarrizketa filosofikoa

03

Gidaria: bidelaguna

Ikerketa komunitateak aurrera egin dezan eta elkarrizketa filosofikoa eten ez dadin, giltzarria da gidariaren rola.

Gidaria elkarrizketa filosofikoan eskarmentua duen pertsona izaten da eta bere eginkizuna taldeari laguntzea izango da. Eginkizun hori garatzeko nahitaezkoa izango da gidariak ikuspegi propiorik edo balorazio iritzirik ez ematea. Horien ordez, bere funtzioen artean daude: galderak egitea, adibideak eta kontra-adibideak eskatzea, azalpenak zein argudioak eskatzea, gure ideien oinarrian zer dagoen eta gure ideietatik zer ondorioztatzen den deskubritzen laguntzea… Bere interbentzio eta isiluneekin, segun eta momentua, ematen ari den elkarrizketa elkarrizketa filosofiko bat dela bermatzea da gidariaren zeregina. Parte hartzaileak euren ideietan sakontzen laguntzea elkarrizketa haritzen duen aldi berean. Ideien inposiziorik gabe bada ere, zorroztasun filosofikoa mahai gainean jartzearen ardura berea da. Horiez gain, harreman eraginkor eta arretatsuak bermatzen saiatuko da ere, noski.

Gizakiaren pentsamendua konplexua da, hainbat dimentsio bereiz daitezke. Hori dela eta, ondo pentsatzea lan eta prozesu baten emaitza da, goi mailako pentsamendu gaitasuna hezi beharra baitago. Haur Filosofiak hainbat ekarpen egiten dizkio pentsamenduaren heziketa horri, besteak beste, ondorengo pentsamendu dimentsioak landuz:

Pentsamendu kritikoa. Gauzak zalantzan jartzeko gaitasunarekin dago lotuta, filosofiaren hastapenetan dagoen galderarekin. Pentsamendu kritikoa hausnarketa egiten duena da. Adimen onean oinarritzen da, logikoa, erabakitzailea zein autozuzentzailea da eta arrazoi sendoen bilaketan jarduten du.

Pentsamendu sortzailea. Ditugun galdera eta zalantzen aurrean irtenbide berri eta onak eraikitzearekin dago lotuta. Ekiten duena da. Berritzailea, asmatzailea zein irudimentsua da eta horregatik, aurkikuntzari lotu ohi zaio.

Pentsamendu arretatsua. Ingurukoak eta ingurunearekiko begirunearekin dago lotuta. Garrantzitsuena zer den erabakitzen duena da. Erabakitze horretan kontuan hartzen ditu alderdi afektiboa, baloratzailea, aktiboa arautzailea eta morala.

Ez dugu, ordea, buruarekin soilik pentsatzen. Zentzumenekin, sabelarekin zein bihotzarekin ere pentsatzen dugu. Pentsatzeko modu horiek guztiek balioa dute eta filosofiak horiek kontuan hartzen eta dagokien lekua eskaintzen laguntzen digu.

Bizi ditugun esperientzia anitzak konektatzea eta erlazionatzea da pentsatzea. Arrazoia eta emozioa ez daude bananduta. Hautematea, sentitzea eta emozionatzea ere pentsamendua dira.

Adierazi berri ditugun pentsamenduaren alderdi horiek guztiak, eta aurretik laburbildu ditugunak, Kataluniako Noria proiektuak diseinatu zuen pentsamendu trebetasunen sailkapen orokorrean biltzen dira. Pentsamendu konplexuaren oinarrian dauden abileziak laburbiltzen ditu taula honek eta ederra litzateke, ludikotasunetik eta elkarrizketatik, gure haurrek lanketa holistiko hau egiteko aukera balute.

04

Pentsamendu dimentsioaniztuna

gutaz

Euskal Herri mailan Haur Filosofiaren hedapena sustatu nahi dugu, eta bertako erreferente bihurtu.